Iturriotz leku estrategiko oso
garrantzitsua izan zen XVIII. mendearen amaierara arte, barnealdea eta
Gipuzkoako kostaldea lotzen zituzten bideen bidegurutzea. Mendeetan zehar,
artzain, mandazain, gerrillari, kontrabandista, erromes eta mendizaleen igarobide
izan den bentaren ondoko aparkalekutik abiatu gara. Eraikin zaharraren
ezkerretik ateratzen den porlanezko bidetik, San Joan ermitaren ondora jaitsi
gara.
![]() |
| San Joan ermita |
San
Joan ermita
Ermita
honen lehen erreferentzia dokumentalak 1541 urtekoak dira. Ermitaren hormetako
batean, inguruari izena ematen dion iturria dago (Iturri-hotz). Diotenez, ur
hotzek sarnaren eta beste gaitz batzuen aurkako propietate sendagarriak
dituzte. Iturriotzeko ermita Gipuzkoako ospetsuenen artean zegoen, bertan
egiten zen ganadu eta erromeria azokagatik. Azoka hori 1728ko Villafrancako
Batzarrek bertan behera utzi eta Aiara eraman zuten, San Esteban parrokiaren
ondora.
Hernio
eta Gazume mendigunearen inguruan zeuden Aia, Bidania, Goiatz, Beizama,
Albiztur eta Errezilgo udalerriek pro indiviso partekatzen zituzten lurretan
altxatu zuten ermita. Guztiak ziren San Joani eskainitako ermitaren jabe, eta
bertan ospatzen zituzten beren batzarrak. Jabetza partekatu honi 1792an eman
zitzaion amaiera, urte horretan, abuztuaren 11n, ermitaren profanazio larria
gertatu ondoren, Iruñeko Eliza Auzitegiak santutxoa bihurtzea erabaki zuen.
Lurrak herrien artean banandu zituzten eta tenplua, berriz, Aiaren eskutan
geratu zen.
Oinplano
angeluzuzena duen eraikinak, nabe bakarra, bi isuriko estalkia eta bi sarrera
ditu. Ermita txiki honen barruko erretaula Juan de Arbiçak egin zuen 1608an.
Bakuna, polikromatu gabeko egurrezkoa, erdian Gurutziltzatutako Kristoa dago,
San Joan Bataiatzailearen irudi baten ondoan. Alboetan, San Roke eta San
Inazioko bi tailu daude.
![]() |
| Maldan gora |
![]() |
| Hernio gertuago |
Ermitaren ezker aldetik igotzen den
pista zabalean zehar, arrasto gorri eta zuriei jarraituz (GR- Gi 35),
Sagaraingo lepo eta zelaietara heldu gara, izen bereko gaina apur bat ezkerrera
utziz. Lepotik mendebalderantz jo dugu oso nabarmena den bidezidorretik aldapa
txiki bat igoz. Bide erosoak bidegurutze batera eraman gaitu. Aurrera segi eta
Herniora igotzeko makina bat mendizalek erabiltzen duten bide nabarmenetik
Zelatungo lepoan dauden borden ondora iritsi gara. Gazume eta Hernio banatzen
dituen lepo hau ezaguna da oso, ez bakarrik historikoki igarobide garrantzitsua
izan delako, baita ere iraileko asteburuetan benta bihurtutako artzain-borden
inguruan ospatzen diren erromeriengatik.
![]() |
| Zelatun |
| Antonioren borda |
Hamaiketakoa itzulerako utzi, eta, bordei bizkarra eman ondoren, erraz antzeman dugu Herniora zuzentzen den bidezidorra. Ez du galerarik. Altuera irabazten lagundu digun sigi-saga baten ondoren, erraz heldu gara Erniozaleak Kultur Elkarteak berreraikitako aterpetxora.
![]() |
| Tontorra gertu |
Honen ondoan, Gurutze Zaharra izenez ezagutzen den gurutze sendatzailea dugu. Gaur egun dagoen tokian
baino lehenago tontorrean zegoen, baina tximista batek bitan zatitu eta gero,
gaur egun dagoen tokira jaitsi zuten. Gurutzearen besoetatik burdinazko uztai
batzuk daude, eta tradizioaren arabera, uztaiak gorputzetik pasaz gero, erreuma
edo artrosia sendatzeko balio zuen.
![]() |
| Erniozaleak aterpea |
![]() |
| Gurutze Zaharra |
| Gurutze Zaharreko uztaiak |
Bideak bat-batean ezkerrera jiratu, eta, Hernioko gailurrera eramango gaituen azken maldari eutsi diogu.
![]() |
| Azken ahaleginean |
Talaia bikain honek duen panoramika zabala da oso, eta bertan dagoen orientazio mahaiak mendi, haran eta herrien izenak identifikatzen lagunduko digu.
![]() |
| Hernioko tontorrean |
![]() |
| Hernioko tontorrean |
![]() |
| Hernioko tontorrean koadrilla ederra |
Zelatunera igotzeko erabili dugun bide beretik itzuli gara, eta, Iturriotzera jaisteko, GR-35aren bide-seinaleek erakutsiko digute hartu beharreko norabidea. Gazume mendiaren magala zeharkatzen duen bide zabal eta erosoan zehar altuera erraz galdu eta gero, segituan Sagaraingo lepora jaitsi gara, Iturriotzko bentatik gertu.
![]() |
| Beherantz |
![]() |
| Ikuspegiaz gozatuz |
Iturriotzeko
benta
Gipuzkoako
kostaldea eta barnealdea lotzen zituen bide zaharrean kokatu dago. Bertatik,
erromes, mandazain, kontrabandista, gerrillari eta bidaiariei zerbitzua emateko
sortutako benta da. Gaur egun eraikin bakarra egon arren, XVII. mendearen
erdialdean bi ziren zerbitzua ematen zuten etxeak. Bien artean zaharrena
Iturriotz behekoa da, 1514koa hain zuzen
ere. Hasiera batean jabetza Aiako Kontzejuarena izan zen, baina 1822an, udalak
saldu eta partikularren eskutan geratu zen. Bigarren etxea, Iturriotze goikoa,
Asteasuko Kontzejuarena zen eta 1745ean erre eta desagertu egin zen.
Gaur
egungo eraikinak, behekoa harlanduz sendotutako solairuarekin batera, beste bi
solairu eta egurrezko teilatupea ditu. Fatxada da eraikinaren alderik nagusi
eta nabarmenena. Egurrezko bibaldura margotuen artean baoak ageri dira, modu
erregularrean banatuta. Egurrezko bilbadurako baserri zaharrak, karez
margotutako gurutze babesgarriak erakusten ditu fatxadan.
Ramon
Soraluce idazleak XIX. mendean utzi zuen idatziz Iturriotz baserrian
belaunaldiz belaunaldi iraungo zuen ahozko tradizioa. San Inaziok bere bidaia
bat Azpeitira itzultzean, prestatzen ari zitzaizkion omenaldiak eta probintzian
piztu zuen ikusmina ezagututa, Azpeitiarako bide nagusia saihestu eta beste
bide bat hartzea erabaki zuen, gau batez Iturriotz bentan atseden hartuz.
Oraindik ere lo egin zuen gela omen dago (nahiz eta egungo egitura geroagokoa
izan).
2002ko
otsailaren 11n, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako
Kultura Ondasuna.
| Iturriotzeko benta |
| Iturriotzeko banteko gurutzeak |














iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina