
Gorobel mendizerra mendebaldetik ekialdera
luze-luze zabaltzen da eta Gaztelako lautadarekin dugun muga naturala da. Mendebaldean dagoen Altubeko mendatetik
ekialdean dagoen Anguloko mendateraino luzatzen du bere gandorra. Mendizerra
mila metroko altuera duen ordeka itzel batez osaturik dago eta berak markatzen
du isurialde atlantikoaren eta mediterraniarraren ur-banalerroa. Txarlazo eta
Unginorekin batera, Iturrigorri da Gorobel mendizerraren mendi kuttunena.
Lendoñogoiti herritik begiratuz gero, ezproi itxura duen silueta du
Iturrigorrik, zorrotza eta malkartsua. Unginorenak, berriz, Aiarako larre eta
zelaietan nabigatzen ari den itsasontzi baten brankaren itxura du.
Iturrigorriko tontorrera igotzeko, Lendoñogotitik abiatu eta Xenda Beltzaren
bila abiatuko gara, goi-lautadako erromesek Arbiletako San Clemente Monastegira
joateko erabiltzen zuten bide zaharra hain zuzen.
 |
| Iturrigorriko ikuspegia magaletik |
Lendoñogoiti herrira heldu aurretik, egurrezko zutoin batek
“Iturrigorriko Bidea” adierazten du. Porlanezko bidetik aparkalekura iritsiko
gara. Hasieran aldapa ez da gogorra, baina hariztia desagertu eta pagadian
murgiltzean martxa moteldu egin beharko dugu, aldapa gogortu egin baita.
Hasierako bide zabalak bidezidor estu eta markatuari lagako dio bere lekua.
Pago gazteetatik eroritako hostoek lurra estaltzen dute, gainetik ibiltzeko
atsegina den orbel-alfonbra osatuz. Ibilbideak azkar hartzen du altuera, eta
“Herrenaren harria” izenez ezagutzen den harkaitzaren ondora helduko gara.
Antza, izen hori inguruko artzain batek bere hanka herrena harkaitzaren
irtengune bat erabiltzen omen zuen atseden hartzeko.
 |
| Lehen maldetan |
 |
| Iturrigorri Xenda Beltzetik |
 |
| Xenda Beltzan zehar |
Bidezidorretik gorantz joko dugu, aldapa
geroz eta pikoagoa delarik. Pagadia zeharkatu ostean, Bedarbideko malkarraren oinera iritsiko gara,
ibilbide osoko zatirik ikusgarrienera. Belar artean hedatzen den bidea leunagoa
dugu orain eta laster Xenda Beltza izenez ezaguna den ingurura iritsiko gara.
Iturrigorri parez pare izango dugu eta behera begiratuz gero, gure azpiko
aldean zabaltzen diren aldats pikoek zirrara berezia sortuko dute gugan. Balkoi
luze eta aparta honek harratearen ondora eramango gaitu, uharrean txertaturik
dauden pago batzuen artean sartuz. Hau igaro eta La Barrerilla atakara heldu
aurretik, harkaitzen artean sigi-sagan igoko ditugu azken metroak.
 |
| Barrerillako ataka igaro ondoren, azken maldan gora |
 |
| Iturria |
 |
| Iturrigorriko tontorrerako azken maldetan |
Ataka gainditu eta gero, goi-lautadara helduko gara eta bertatik
tontorreraino igo. Hesia gurutzatuko dugu eta Iturrigorriko iturria bilatuko
dugu. Behetik igo ezina zirudien haitz zorrotzak beste ikuspegi bat erakusten
du hemendik, lepo zabal eta belartsu honetatik igoera erraza suertatzen baita.
Gailurrerantz abiatuko gara, eta, bertara gerturatu ahala, aldapa gogortu
egiten da. Azken metroak betetzeko soberan ez ditugun indarrak aterako ditugu.
Eskualde osoaren behatoki aparta dugu Iturrigorriko tontorra. Jendeak Tologorri
izenez ezagutzen du mendi hau, baina mendizaleen artean zabalduena izan arren,
Iturrigorri izen ofizialaren deformazio bat besterik ez da:
Iturrigorri-Turrigorri-Tologorri. Hamaiketakoa egiten dugun bitartean,
ikuspegiaz gozatzeko aukera bikaina izango dugu. Inguratzen duten mendiez gain,
itsaso berdean barreiaturik dauden herrixkak begiztatu ahal izango ditugu:
Aginaga, Lendoñogoiti, Maroño, Belandia, Poza, Mendeika...
 |
| Iturrigorriko tontorrean |
 |
| Iturrigorriko tontorrean |
Mendizale askok, etorritako bidetik itzultzen dira abiapuntura, baina
gu Menerdigako ataka aldera joko dugu, Garobeletik jaisteko aukera ematen duen
beste igarobidera hain zuzen ere. Gandorra jarraituz gero, Unginoko tontorrera
helduko ginateke eta, atzerago, Eskutxikoa, baina horiek beste baterako lagako ditugu.
Atakatik eskuinera hartu eta, Garondo leporaino eramango gaituen bidexka jarraituko dugu. Aiaraldeako ikuspegi
zabalaz gozatzen dugun bitartean, Iturrigorriko ikuspegi desberdin eta
izugarriaren azpitik jaisten jarraituko dugu asfaltoarekin topo egin arte.
Venta Friatik pasa eta Lendoñogoitira iritsiko gara. Igoera txiki batek
aparkalekuraino eramango gaitu.
 |
| Tontorretik Menerdigako atakara jaisten |
 |
| Menerdigako atakatik ikuspegia |
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina