Blog honen helburua, ume txikiekin familian, bakarrik edota lagun artean mendiaz euskaraz gozatzeko

2025(e)ko azaroaren 23(a), igandea

Soila Korresetik

Powered by Wikiloc

 


Izki, Arabako hego-ekialdean kokatu dagoen Parke Naturala da. 1998an jaso zuen izendapena eta gaur egun 9143 hektareako hedadura du. Ingurune babestu honetaz gozatzeko hamaika zidor eta bide balizatuak aurkituko ditugu, eta bakoitzak, natura eremu babestu honek bere erraietan izkutatzen dituen sekretuak erakutsiko dizkigu.

 

Korres
Korreseko kalea

Basoz eta harkaitzez janzten diren lur hauetan, Europako baso kontserbatu eta zabalenetako den Quercus pyrenaica (ameztia) nagusia izan arren, bestelako zuhaitz motak ere ikusiko ditugu, hala nola, pagadiak, haltzadiak, urkidiak, hariztiak, ezkameztiak… Bioaniztasun handia duen eremu honetan kokatzen da Korres herria, Izkiko Parke Naturalaren barruan dagoen gune bakarra eta, oraindik,  harresien eta gazteluaren zati bat kontserbatzen duena.

 

Lehen maldatan

Elurrak bidea hartu du

Parke Naturaleko Interpretazio Zentroa ere bertan dago eta honen ondoan dagoen aparkalekuan emango diogu hasiera ibilaldi zirkular honi. Itzulia burutzeko, ondo seinalatuta dauden bidezidor desberdinetatik ibiliko gara. Herriko kale nagusitik aurrera egin eta berehala helduko gara herriko Done Eztebe elizaren ondora. Porlanezko bideak kanposanturaino eramango gaitu eta hau atzean utzi eta gero, pista zabala jarraitzea besterik ez dugu izango. Muela eta Peña del Santoren mendien ikuspegi zabala bezain ederra izango dugu basoan murgildu aurretik.

 

Soilako gandorrera iristen

Pixkanaka altuera irabaziz egingo dugu aurrera. Bidegurutzera iristean, Antoñanako bidea erakusten duen egurrezko bide-seinaleen ondora iristean, Antoñanara zuzentzen dena gure eskuinera utzi eta ezkerrekoa hartuko dugu. Igoera pixkanaka gogortuz joango da, baina erraz helduko gara Soilako gandorrera.

 

Hiru Begi

Hortik aurrera, ezpel arteko bidezidor bat, tontorrerantz gerturatuko gaitu, aurrez Soilako Begia edo Hiru Begi leizea izeneko irekidura naturaletik igaroz, gailurretik oso gertu. Soilako Begia bisitatu ondoren, tontorrera berehala iritsiko gara (gailurreko postontzia eta erpin geodesikoa).

 

Soilako tontorrean

Soilako tontorrean

Korresera itzultzeko etorritako bidetik atzera egingo dugu eta, harri pilo batez seinalaturik dagoen bidegurutzera heltzean, ezkerrekoa hartu eta harritza artean jaisten hasiko gara, igotzeko erabili dugun bide beretik.


Abiapuntura itzultzen

Korreserako gutxi falta


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina